irekiEkoguneaKutxabank

Ekin

Artikuluak

1

Eredu energetiko berria, adabakiez lortua edo benetako irtenbideekin?

2014-07-11

Ekidinezina ukatzeak ez du eragotziko ezta atzeratuko ere. Gertatzen ari da eta gizarte moduan definituko gaituena honi aurrea nola hartzen diogun da.

Aditu batzuen esanetan peak-oil moduan ezagutzen dena atzean utzi dugu jada, beste batzuek gertu dagoela diote. Peak-gas-ari badirudi urteak geratzen zaizkiola oraindik (eskerrak). Gai hauen inguruan jakitun direnak ados jartzen ez diren bitartean, noizean behin “ezezagunak” ziren erreserba berriak aurkitzen dira gizartea lasaitu eta gure eguneroko bizitzekin aurrera jarrai dezagun. Hala ere, argi dago munduko kontsumo energetikoak gora egiten jarraituko duela datozen urteetan, baita horren “kutunak” ditugun erregai fosilak finituak direla ere.

Badirudi berdin diola, erabiltzen jarraituko ditugu, gaur eta orain gizarte industrializatuaren garapen ekonomikorako ezinbestekoak baitira eta eskaini dizkiguten erosotasun guztiei uko egin nahi ez diegulako. Azken finean, baliteke ekologista hippy batzuen histeria baino ez izatea, baliteke inoiz ez jazotzea, eta, jazota ere, ziurrenik ez gara bertan egongo hau ikusteko. Baina horrela ez bada?

Pentsa dezagun pare bat minutuz honi buruz. Saia gaitezen pausu bat haratago heltzen, saia gaitezen gure adimena gaur egungo eredu energetikoak iraun dezan nahi duten guzti horien diskurtsoetako argumentu sendoetatik (erosoetatik esan beharko nuke agian?) pausu bat haratago eramaten.

Gaur egungo eredu energetikoa jasanezina da ingurugiro mailan, ekonomia mailan eta gizarte mailan. Zorionez, gaur eta orain, aukera erreal bat existitzen da, aipatutako maila guzti horietan jasangarriago den aukera bat. Hau ondorengoetan oinarritzen da: energiaren aurreztean, efizientzia energetikoan, energia berriztagarrietan eta energia guztion oinarrizko ondasuna eta eskubidea denaren premisan oinarrituta eraikitako politika energetikoetan. Hala ere, medio desberdinek bidalitako mezua kontutan hartzen badugu, badirudi aukera hau ez dela guztiz erreala, ezta jasangarria ere.

Bai, aldizkako izaerako energia berriztagarriek erronka tekniko bat suposatzen dute, gainditu daitekeen erronka hala ere. Hamarkada batzuen epean, energia berriztagarriak energia iturri nagusitzat eta erregai fosilak bigarren mailako energia iturritzat dituen sistema energetikoa lortu daitekeela esan nahi du honek; beti ere, planifikazio energetiko egoki baten laguntzaz, I+G-ean beharrezko inbertsioa eginez (norbaitek hau zer den gogoratzen baldin badu behintzat) eta guztion aldetik chip aldaketa “txiki” bati esker. Ordea, erronka teknikoa ez da gaindituko energia berriztagarrien produkzioa irtenbide tekniko erreal eta bideragarria kontsideratzen ez dugun bitartean, aldizkako izaerako teknologia berriztagarriak energia nuklear zaharkituaren menpe dauden bitartean, ezta sistema elektrikoaren eta beste sistema energetiko batzuen integrazioa ahalbidetzen ez den bitartean.

Bai, energia berriztagarriek ingurugiroan badute haien efektua (giza jarduera ororen moduan). Beharrezkoa da alderdi hau printzipio eztabaidaezin batetik begiratzea: energia beharrezkoa da, beraz, hau transformatzea nahitaezkoa da erabili ahal dezagun. Hots, ez da adierazi nahi energia berriztagarriek ez dutela inolako ondoriorik ingurumenean, beste teknologiekin konparatuta honen inpaktua askoz ere txikiagoa dela baizik. Berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa, fracking-a, hondakin erradioaktiboak edota Prestige bezalako istripuak aipatzea besterik ez dago diodana ulertzeko.

Hala ere, badirudi energia berriztagarriak ez direla nahikoa izango energia sektoreak ingurugiroan duen inpaktua baretzeko (behintzat hori pentsa dezagun saiatzen dira). Batzuen esanetan (hau da, gaur egungo eredu energetikoa mantentzearen alde daudenen esanetan), sektore energetikoaren aktibitatearen ondorioz igorritako berotegi efektuko gasak murriztu nahi badira, energia nuklearra eta karbono dioxidoa gordetzeko edukiontziak ezinbestekoak dira. Bi teknologia hauetaz mintzatzea ez da arazoarentzako benetako konponbideez hitz egitea, adabakiez hitz egitea baino (hainbatetan egin ohi duten moduan), arazoa errotik konpontzeak baino kostu handiagoak suposatzen dituzten adabakiez gainera.

Bai, energia berriztagarriak produkzioaren araberako diru-laguntzez baliatu izan dira orain arte, baina ez dira bakarrak; izan ere, ikatz nazionalak (menpekotasun energetikoa murrizteko adabaki bat) eta gas naturalak ere laguntzak jasotzen baitituzte. Gainera, hauek ez bezala, energia berriztagarriek errentagarriak diren emaitzak lortzen dituzte, handizkarien eguneroko merkatuan duten presentziak elektrizitatearen prezioa murrizten duelako. Ekonomia pribatuaren gaineko eragin zuzena du honek, besteak beste industriaren lehiakortasuna hobetuz. Bestalde, beste herrialdeekiko dugun menpekotasun energetikoa murrizten du (noizbait galdetu al diogu gure buruari zenbat milioi euro erabiltzen diren urtero beste herrialdeetarik inportaturiko erregai fosilak ordaintzeko?). Honek politika ekonomiko seguruagoak sustatzen ditu eta baita etorkizunean gatazka politikoak izateko probabilitateak txikitu ere.

Bai, teknologia teknologia hutsa baino ez da eta ez du inoiz arazo sozialik konponduko berez. Hala ere, energia berriztagarriek, hauen eskala txikiari esker, ekonomia txikien esku ere badaude, guztioi ekoizpenean eta irabazien banaketan parte hartzeko aukera emanez. Horrela eta politika energetiko egokiekin (energia ondasun basiko eta guztiena denean oinarrituak), energia berriztagarriak energia sektoreko boterearen deszentralizaziorako, mozkin ekonomikoen banaketarako eta merkatu librean lehiakortasun erreala sortzeko bidea izan litezke. Guzti honen ondorioz lor liratekeen energiaren prezioen murrizketak energia txirotasuna gutxitzen lagunduko luke, nahiz eta arazo zehatz hau desagerrarazteko irtenbide bakarra behar-beharrezkoa dugun politika energetikoen aldaketa izan.

Aldaketa gertatzen ari da, sistema energetikoa, kontsumoa, produkzioa, teknologia, ekonomia.. dena ari da aldatzen eta ezin dugu guztiontzako mesedegarriena den eredua diseinatu ez baldin badugu gaur egungo ereduaren (energia kutsagarrien eredua, biztanleriaren %18 txirotasun energetikoan dagoen bitartean gutxi batzuk aberastea ahalbidetzen duen eredua, oligopolio erako boterearen eredua) iraunkortasuna nahi duten horien diskurtsoa zalantzan jartzen. Agian ondorengo galderekin hasi beharko genuke: nolako gizartean bizi nahiko nuke? zein hipoteka utziko diegu datozen belaunaldiei? zer egin dezaket nik aldaketak aurreko bi galderen erantzuna nire gustukoa izan dadin berma dezan?

Hau da energia berriztagarrien alde dagoen baten diskurtsoa. Zein da zurea? Eta garrantzitsuena, zer egingo duzu honi dagokionez?

 

Leire Gorroño Albizu

participación

Arkitektura+bizi kalitatea+partaidetza

2014-02-18

Gero eta dotoreago ikusten ditugu gure herri eta hiriak. Espazio publikoa guztion zergekin disenatu eta eraikitzen digu gobernuak. Guztiona da eta guztiontzako egina alegia, eta horrela baldin bada ezinbestekoa ikusten dut hiritarron partaidetza aktiboa honen diseinurako eta erabilpenerako.

Gipuzkoako eskualde baten, miloi euro erdiko partida zuzendu da hiritarrek aukeratutako 7 proiektu desberdinetan erabiltzeko. Edota nire herrian bertan, trenbidearen lurperatzeak eskaintzen duen aukera urbanistikoaren diseinua, herriko DBH-ko ikasleen eskuetan utzi dute, teknikoek jarritako irizpide batzuei jarraituta noski.

Instituzioetan hartzen ari diren joera honi heldu behar diogu, etorkizunean joera hau areagotzen joateko beste zenbait gaietan baita ere.

Bestalde gero eta gehiago ikusten ari dira material birziklatuekin, plastikoa adibibidez, eginiko altzari urbanoak, bankuak, zakarrontziak, autobus geltokietarako plataforma mugikorrak edota bidegorriak errepideetatik banatzeko erabiltzen diren bolardoak.

Normatibak esaten duen moduan, gure herri eta hirietan eraikitzen diren etxebizitza zenbakiaren arabera lurzoruaren portzentai bat, aparkalekuetarako eta espazio berdeetarako zuzendu behar da.

Askotan pentsatzen dot, nire inguruan zertarako ote dauden erabilgarriak ez diren hainbeste zona berde, txakurrek “erabil” dezatelako bakarrik? Zonalde berdeak danon erabilgarritasunerako izan daitezela mesedez! Pertsonen arteko harremanak ahalbideratzen digun espazio publikoa disenatzeko garaia da, hain indibidualista bihurtu den gizarte hontan ezinbestekoa ikusten dut.

Zer esan leku batzuetan aurkitu ditzakegun bidegorrietaz... laberintikoak iruditzen zaizkit eta tramoka eraikiak daudenez, askotan bidegorria utzi eta ahal dogun tokitik joaten gara gure bizikletekin. Udaletxe bateko teknikari batekin berbetan egon nintzen honi buruz eta kotxeen aparkalekuak kentzea ez zutela nahi argudio moduen erabilita moztu zidan... baina hilabete batzuk geroago harrituta geratu nintzen zenbait lekutan tabernetako terrazak jartzen hasi zirelako ordurarte kotxeen aparkalekua izandako txokoetan...ahh klaro tabernariek zergak ordaintzen dutela, egia.

Ziur ere danok dekogula gure inguruan ahaztutako txokoren bat. Leku atsegina,bukoliko eta historiaz beteta egon arren, gure udaletxeak hortaz ahaztu egin da eta erabat ahaztuta dago, gero eta irudi txarragoa du, emoten du inori ez zaiola axola. Ematen du auzolanak herri txikietan egin daitezkeela bakarrik. Edota loregintza edo obra inguruko ikasketak egiten ari direnak euren klase praktikoak, eskolan bertan dagoen gela ziztrin batetan egin behar dituztela, horrela kurtsoa amaitzean egindako lana, kasu askotan desegiten da datorren ikasturtekoak berregiteko.

Bestalde zer esan abandonatuta dauden eraikinei buruz, kasu askotan udaletxeenak dira, eta izan dogun ohiturari jarraituta, helduko da botatzeko eta eraikin barri eta moderno bat eraikitzeko eguna.

Beharrezkoa al da? Agian estrukturetan adituak diren teknikoak kontratuz eta isolamendu termiko egokiak jarriz izugarrizko eraikina bihurtu dezakegu abandonatuta dagoen hori.

Urbanismoaren diseinua interesatzen zait guztion zergak erabiltzen direlako... baina berez gehien kezkatzen nauena etxebizitzaren egoera da.

Aurreko ildoari jarraituz.. europako zenbait herrialdetan abandonatuta dauden eraikinen jabeekin kontaktuan jartzen diren koopertibak daude.. eta “concesion de uso” eskatzen diote. Zer da hau? Ba guk kooperatiba bat sortzen dugu eta hilero prezio justo bat pagatuta eraikina gure eskuetan dago! Eraikin osoa danona da! Espazio guztiak partaideek adostatutako zereginetara bideratuko dira, haurtzaindegia, ikusentzunezko gelak, garbigailuen gela, ludoteka, konpartitzeko sukaldea. Kooperatibak adostuko du zelan disenatu eraikina, euren beharrak asetzeko eta era berean komunitatea sortzeko. Cohousing du izena sistema honek eta zure pribatasunerako espazioa baduzu noski! komunitate guztiak desberdinak dira eta kooperatiba sortzean adostuko dira estatutoak. Gainera “concesion de uso” honekin, gure ondorengoei pasa dezaiokegu.... gastronomia elkarteetan egiten dan moduan bai!  Jeje...

Sistema hau estatu mailan, gehienbat, aktibo edo osasun problema larririk gabe ikusten diren pertsona helduen artean ikusten ari da. Baina baita ere jende gaztea honetara jotzen hasi da. Euskal Herrian badauela badakit, Araban Aletxa herrian besteak beste.

Etxebizitza mota hau.. hipoteka potoloetatik aldentzeko modu bat da.

Duela urte batzuk Basaurin bazegoen itsasontzi kontainerrekin disenatutako etxebizitza proiektua Santiago Cirugeda arkitektu sevillarrak eginikoa...herriko gazteei alokairu merke moduan zuzendua, ez dakit zergatik ez zan aurrera atera... eraikuntza sistema honekin “Codigo Tecnico de la Edificacion” legediak eskatzen dituen baldintzak bete ditzakegu arazorik gabe.

Arazoa eraikigarria den lur-sailen prezio ordainezina da, baina kasu hauetan oinarriturik, pentsatzen hasten naiz babes ofizialeko etxeetan...(publikoak diren edo instituzio publikoak erosi duten lur-sailetan, zergatik ez dira horrelako eraikitze sistemak erabiltzen? Etxegintza tradiozionalean etxe bloke bat eraikitzeko 1, 2 edo 3 urte erabiltzen dira eta horrek dakarrena: zenbait langile epe horretan lan izango dutela bermatzen dala, sistema desberdin hauekin etxebizitzak askoz be arinago amaitzen direnez.. eraikuntza, motore ekonomikoa izateari utziko ziola eta horrek bizi garen munduan ez du komeni.

Babes ofizialeko etxeak aipatu ditut, eta zer esan, bogan dauden kooperatibei buruz? Kooperatibak ote dira? Kasu honetan interes ekonomikoa duten promotoreak eta eraikitzaileak erosle bila dabiz. Zergatik ez kontrakoa? ezin dugu guk erosle moduan kooperatiba bat sortu eta arkitekto, eraikitzaile eta behar ditugun teknikoak kontratu?

Amaitzeko eta azkenengo irtenbide moduan eta ez horregatik txarragoa... autoeraikuntza ekologikoa primerakoa ikusten dot. Hala ere lurzaileen prezioek ez dute batere laguntzen, baina zure etxea zure kabuz eraiki ezkero, alde batetik izugarri ondo sentituko zara, zure eskuz altxatutako etxetxo baten biziz, bestetik zure beharretara edo bizi estilora egokituko duzu diseinua.

Asko irakurriz eta laguntza tekniko apur batekin “etxe pasibo” , “etxe autosuficiente” (kanpoko energiaren beharrik ez edo oso gutxi behar duten etxebizitzak dira hauek).

Eraikuntza mota honetan, material ekologikoekin izugarrizko isolamendu termikoa lortu dezakegu eta hau etxe bioklimatikoen ezaugarriekin uztartuz “passive house” deritzona lortuko genuke. Werner Smith arkitektoak Suitzako alpeetan eraikiak ditu lastozko etxe pasiboak. Han Alemanian edo Erresuma Batuan posible bada gure inguruan baita. Euskal Herriko arkitekturik adituena Iñaki Urkia da eta horrelako etxebizitza proiektuak sinatzeko eta eraikitzeko gai da estatu mailan.

Autoeraikuntzarako gehien erakartzen nauen materia lastoa da. Fardoekin paretak oso errez altza daitezkeelako eta eskaintzen dauen isolamendu termiko eta akustikoa itzela delako.

 

Link interesgarriak:

 Hiritarron partaidetza1

hiritarron partaidetza2

Basaurin bertan behera geratutako proiektua Etxebizitza ekologikoa alternatiboa1

etxebizitza alternatiboa2               

 El bussines lujo de las ecotxabolas

 Ecoluxury hotela Zeanurin

Hacer de una ruina un espacio habitable

Andoni Garcia

URA

URAREN KUDEAKETA

2014-02-18

URAREN KUDEAKETA

Ura bizitzarako oinarrizko elementua da, ezinbestekoa, arnasten dugun oxigenoa den bezala. Hala ere, zenbaitetan berotegi efektuari edo ozono geruzaren arazoari garrantzi gehiago ematen zaie gure itsaso, ibai, laku eta lurpeko urek pairatzen duten kutsadurari baino.

  • URA, ONDASUN PREZIATUA

Bizi garen planetaren gainazalaren hiru laurden urez estalita dago, baina guztiaren %97 ozeano eta itsasoak dira, hau da ur-gazia. Geratzen den ur-gezaren %2.3a poloetan izoztuta topatzen da, beraz oso zaila da baliagarriak direla esatea kontsumo guneetatik oso urrun aurkitzen direlako. Geratzen den %0.7 horretan ibaiak, lakuak, lurpeko-urak eta atmosferan gas egoeran dagoen ura sartzen dira. Beraz, zenbatuta dago biltegiratzeko eta erabiltzeko erraza den uraren portzentaia oso-oso txikia dela, %0.03. Honekin argi ikusten da uraren gainean hitz egiten ari garenean, altxor batez ari garela. Baina arazoa ez da hor amaitzen, aberastasun hori ez baitago populazioaren eta kontsumo-beharren arabera banatuta.

 

  • ZERTARAKO BEHAR DUGU URA?

Galdera honi erantzun aurretik konturatu behar dugu gure gorputza %70ean urez osatuta dagoela, landare eta gainontzeko animaliek ere ezinbestekoa dutela bizirik irauteko, eta gizakia bera ere lehenago hiltzen dela ur faltagatik goseagatik baino. Beraz, aurreneko erabilera eta nere ustez, garrantzitsuena, ekosistema bat garatzeko baliabidearena da.

Hortik aurrera, gainontzeko erabilerak bi multzotan banatuko nituzke, uraren kalitatean nahiz kantitatean eragina dutenak eta ez dutenak:

ERAGINA BAI   

  • Hiri nahiz industria txiki-ertainen hornikuntza
  • Industria
  • Nekazaritza, ureztatzeak
  • Abeltzantza      

ERAGINIK EZ

  • Energia iturri bezala, zentral hidroelektrikoak
  • Hoste-sistemak industrian
  • Aisialdia (arrantza, bainurako, kirolak)
  • Nabigazioa
  • Akuikultura

 

  • NONDIK LOR DEZAKEGU ALTXOR HORI?

Tradizionalki bi bide garatu dira ura lortzeko, gainazaleko urak eta lur azpiko urak baliatuz hain zuzen. Baina gizartearen garapena denboran zehar aldatzen joan denez, ur-eskaria handitzen joan da eta beste bide batzuk ustiatzeko beharra ikusi da, hala nola: bererabilera, desalazioa, trasbaseak eta uraren aurrezpena banaketa-sareen efizientzia bultzatuz.

 

  • ZERTAN XAHUTZEN DA UR GEHIEN?

Espainian nekazaritza da ur gehien kontsumitzen duen sektorea (guztirako kontsumoaren %75 - % 90 inguru) eta hazkuntza askok, gainera, ez dute ureztatze-sistema eraginkorra. Urpetze bidezko ureztatzeak, ur gehiago gastatu ez ezik, kutsadura gehiago ere hedatzen du, akuiferoetara ongarrietako nitrato gehiago garraiatzen dituelako. Horrek, uraren kalitatea kaltetzen du eta osasun arazoak ekar ditzake. Hau guztiaren aurrean zer egin ordea? Neurri eraginkor bat izan daiteke ura xahutzea bultzatzen duten landaketei diru-laguntzak murriztea eta ura aurreztean oinarriturikoak bultzatzea. Datu batzuk, kotoiak 10.000 metro kubiko behar ditu hektarea bakoitzeko eta arrozak 14.000 metro kubiko.

Nekazaritza alde batera utzita, hirian ur-kontsumaren inguruan dagoen ahulguneetako bat banakuntza-sarea da. Lan handia egin beharra dago hornikuntza-sareak egoera onean mantentzeko eta horrek inbertsio handiak eskatzen ditu. Baina begi bistan geratzen ez direnez, zein ohartzen da gure herrian hoditeria aldatu duten edo ez? Horrekin ur-jarioak ekidingo lirateke eta ur-bolumen handiak alferrik ez galdu. Horren kalkukuak eginak daude: Espainia osoan sareak modernizatuko balira 1.500 hektometro kubiko ur aurreztuko lirateke urtero, hau da, 1.500.000 milioi litro (Esako urtegiaren edukiera 3,35 aldiz). Beste datu bat: Bartzelonak banakuntza-sarea hobetzeari esker, ur gastuaren %8 aurreztea lortu zuen.

 

  • KUDEAKETA PUBLIKOA & PRIBATUA

Gaur egungo gizartearen norabidea ikusirik, ukaezina da lehengaien eta energia-baliabideen kontrola izateak duen indarra kapitalismoa ardatz duen mundu honetan. Pribatizaziorako joera duten politikek erakutsi dute badaudela estatuen gainetik dauden botere-guneak, eta hauek gatazka geoestrategikoak bultzatzen dituzte. Eta nola ez, ura ez da gatazka hauetatik libre geratu. Zenbait adituren iritziz, 3.Mundu Gerra eragiteko adinako indarra izan dezake.

Hau ekiditeko, 2010ean Nazio Batuen Erakundeak “Pertsona orok Ura eta Saneamedua izateko duen giza-eskubidea” onartu zuen. Beraz argi ikusten da, urak lehen mailako zerbitzu publikoa izanagatik, geroz eta interes handiagoa pizten duela enpresa pribatuengan.

Arazoa eskala txikiagon aztertuz gero,  egun ur-hornikuntza eta saneamenduaren eskumena erakunde publikoek dute, baina gure lurraldean herri desberdinak elkartuz kontsortzioak sortu dira, hornikuntza eta saneamendu instalazioak kudeatzeko (urtegiak, edateko uren araztegiak, hondakin uren araztegiak, ponpaketak,…). Nire iritziz hau da biderik egokiena, herri gehienetzat zaila da beren kasa, bakarka, zerbitzua ziurtatzea eta elkarketa hauen bidez helburua lortzen dute, esku pribatuetan erori gabe.

  • PREZIOA EZTABAIDAGAI

Ur-kontsumoa kontrolatzen lagundu dezakeen aldagai bat prezioa izan liteke. Baina bizitzarako oinarrizko baliabide bat izanik, zilegi al da prezioarekin jolastea? Prezioa asko garestituz gero, sarrera txikieneko herritarrei oztopoak ezarriko litzaizkieke; baina ura denoi iristeko politikarekin behar baino gehiago merketuko balitz, kontsumo datuak izugarri handitzea eragin liteke. Gaur egungo ordainketa moduan oinarrizko kontsumoak prezio jakina du (derrigorrez ordaintzen den minimoa) eta muga hori gainditzen duenak garestiago ordaintzen du.

Europar Batasuna, bere aldetik, ura etxeraino eramatea benetan zenbat kostatzen denaren arabera kobratzearen alde agertzen da: neurri hori hartuko balitz, dirutza kostatu diren aldatze erraldoiei esker lortzen den ura kontsumitzea oso garestia bihurtuko litzateke eta uraren erabilera iraunkorra egiten den tokietan, berriz, merke antzean kontsumi liteke.

Bukatzeko, aste hauetako itsasoko ekaitzen bitartez ikusi da bare dagoenean duen edertasunaren atzean ezkutatzen duen indarra, boterea. Niri galdera bat sortu dit honek. Gizakia %70 batean ura bagara, zergatik ez dugu indar hori aprobetxatzen uraren kalitatea mantentzeko, duen energia hori berrerabiltzeko edo persona orok ura izateko duen eskubidea bermatzeko?

BITARTEAN, ZAINDU ETA GOZATU DEZAGUN URA!

Izaskun Inza

 

DESAZKUNDEA

DESAZKUNDEA

2014-01-14

LIBRE ©: BEITU, ZENBATU, (PENTSATU) ,GEHITU KENDU
Azken hamarkada hauetan beti pentsatu izan da, zerbaiten edo norbaiten hazkundea, ezaugarri osasuntsua eta positiboa izan dela. Are gehiago esango nuke, ahalik eta azkarren eta tamaina handiagoan egiteak, zerbait edo norbait horren indarra eta boterea berretsi izan du. Baina, txikitan gure gurasoek esaten ziguten bezala, denok dakigu handia egiteko asko jan behar dela. Gizarte ekonomizatu honetan, kapitalismo eta neoliberalismoa, kozienteki edo ez, jende askoren doktrina bilakatu da, eta fenomeno hau gaur egungo paradigmaren islada garbia da. Urbizuk, “Libre” kantan dioen bezala “Beitu, zenbatu, gehitu.”
Beharbada, eta bakarrik beharbada, XX. mendeko Gerra Hotzean, Vietnamen gertatu zena mundu osoan zehar zabaldu eta errepikatu izan balitz, barra eta izar txuri-urdin-gorrien ordez mailuka eta sega horiak adoratuko genituzke. Agian, eta bakarrik agian, iraungitze data duten produktuen ordez, 100 urte baino gehiagoko bonbilla eta nylon galtzak erabiltzen jarraitzen ibiliko ginen. Baina apika, eta bakarrik apika, guzti hau gehiegi esatea izango litzateke.
Ez da nire helburua gaur egungo gizartearen antolaketa ekonomiko,sozial eta kulturala hankaz gora jartzea, (Ford jaunak barka nazala) eta ezta ere ikuspegi nihilista eta antisistemiko batekin, gaurko gizarte teknologizatu honetan ezerk ez duela pena merezi esatea. Etengabe aurreraka goazen bide hau jarraitu baino lehen, hausnarketa eta autokritikarako tartetxo baten gonbidapena luzatzen dut. Bide batez, kapitalismo bera baino askoz ere zaharragoa den pentsaera edo korronte ideologiko batez hitz eginez, desazkundea.
Hitzak berak margozten duen modura, desazkundea, trazu sendoetan hazkundearen kontrako norabidean dihoan kontzeptua litzateke. Nahiz eta praktikotasunean ez du hain diskurtso erradikalik bere baitan. Izan ere geroz eta gizaki gehiago garela kontutan hartuta, 7000 milloi eta etengabe goraka, behar ditugun errekurtsoen erabilpena ez bakarrik gutxitzea, mantentzen pentsatzea ere ezinezkoa litzateke. Desazkundeak, lehengaien iturrien ustiapenerako eta hauen kontsumorako eredu desberdinak plantearazten ditu, beti ere, ekodependentzia eta interdependentzian oinarrituz. Beste era batera esanda, kontsumoaren murrizketa eta zentzuzko produkzio kontrolatuaren alde egiten du, klima, ekosistema eta izaki bizidun desberdinetara moldatuz.
Desazkundea modu natural eta ez behartuan eman dadin, korrontearen defendatzaileek borondatezko simpletasuna edo simple living-a aldarrikatzen dute. Hau da, pertsona bakoitzak bere kontsumo botere eta bizi mailaren arteko orekari buruz hausnarketa egitea eta honen arabera bere bizi moduaren eta beharren asetzea birplanteaketetan jorratzea.
Kontutan hartu behar da, irtenbide lokalak beti ez direla soluzioa globalak izaten eta, beraz, bakoitzak “espageti errezeta” hau bere bizimodura moldatzea nahitaezkoa bihurtzen da. Nire uste apalean indar, garrantzi eta iraupen gehiago dituzte bakoitzaren barrutik irteten diren pausu edo aldaketek, kanpotik exijitzen diren lege edo inposaketek baino. Gainera ez nago guztiz ziur, ea norbaitek ez lukeen inoren bizitzeko era aldatzeko eskubide edo/eta botererik eduki beharko. Bai ordea, bizimodu desberdinak egon badirela kontatzeko gaitasun eta/edo erantzukizunik edukitzea.
Badakit zoriontasuna, hitz konplexu, subjektibo eta potoloa izan daitekeela, baina, horrekin batera Maslow-en piramidean identifika ditzakegun gizakien behar gehienak materialak izan ez daitezkeela konturatzen naiz. Askoren ustetan, ni barne, sarritan gehiagoren nahiak betetzen jardutea baino zoriontasuna daukagunarekin asetzean datzala. Beraz, eta baita horregatik ere, momentu batez gelditu, eta arnasa sakon hartu. Ariketa interesgarri batekin jolastea proposatzen dizut: beitu, zenbatu, (pentsatu) ,gehitu eta kendu. Mugikor txikiago, titi handiago, kotxe azkarrago edo modelo berriago batek ez gaitu benetan zoriontsu egingo eta. Ezta ere libre bihurtuko.
Barraskilo baten antzera, poliki goaz urruti goazelako.
                    
                    
                                Beñat Osinaga Urizar

X

1

HONDAKINEN KUDEAKETA

2014-01-03

 

Hondakinen kudeaketa egun bolo-bolo dabilkigun gai bat da, gehienbat Gipuzkoan. Baita etengabeko sesio bide ere. Izan ere, edozein gizarte pluraletan ezinbestekoak dira eztabaidak.

    Eztabaida hauetan sortu baitzen, hain zuzen ere, gaur egun hondakinak kudeatzeko indarrean darabilgun metodo bat, atez-ateko zabor bilketa: Ingurumenari eta osasunari kalteak murrizten dizkion kudeaketa bat, %80 baino gehiago birziklatzen da atez-atekoarekin eta emaitzak hilabete batetik bestera ikus daitezke. Hala ere, kontra ageri diren taldeak badaude (interes politikoak alde batera utzirik): Zikina, gestio oso txarra eta deserosoa dela diote.

Bi alderdiek dute arrazoi, jakina, eta ni horrekin bat nator.

Lurraren lagunak eta Ekintzaile Ekologistak bezalako GKE laguntzaz egindako informearen arabera, etxeko hondakinen %90a birziklagarria da eta beraz hondakin kutsagarriak ez sortzeko atez atekoaren kudeaketa ezinbestekotzat jotzen dut, gaur egun %25a besterik ez dela birziklatzen ikusita. Gainera, gaikako zabor kudeaketa honetan sortzen den errefusak, hau da, gai organikoarekin nahastu gabe, beste izaera bat du, ez du usain txarrik eta epe luzez manten daiteke etxean, 3 aste edo hilabete bat.

    Baina, bestetik, bidezkotzat jotzen ez dudana atez-atekoa ezartzeko erabili den gestioa da. Atez-ateko honen emaitza onak bat-batean lortu nahi izan dira eta Gipuzkoa osora zabaldu nahi izan da lehen-bailen, herri ezberdinetan atez-atekoa egun batetik bestera ezarriz. Eta ez da kontutan hartu gizarte honetan badaudela talde batzuk birziklatasunarekin eta  ingurumenarekin absente daudenak edo zoritxarrez kontu hauetaz paso egin, eta aurka daudenak. Hauek kontutan edo aintzat hartu ez direla deritzot, hau da, ez da denborarik edo behar bezalako taktikarik erabili edo egin hauek konbentzitu eta kontzientziatzeko, eta nire ustez, hortik sortu dela guzti honen kontrako plataformak. Eta zer esan bapateko aldaketa honek ze eragin estresantea sorraraziko lioketen oraindik etxeetan bizi diren agure edo zaharrei, nahiz eta behin ikasita beraiek izan kudeaketa hau ongien egingo dutenak. Oso erraz ikusten da dena gazte zarenean.

Igor Ahedok erakutsi zigun bezala, mugimendu honetan erlazionaturik zegoen jendea absente izatera pasatu da eta absente zeudenak aurka zeudenekin bateratu dira. Talde estremistak sorraraziz. Eta horrek eragin duen iskanbila guztiak.

    Iñaki Antiguedadek esan zuen bezala, lehendabizi bertsoa eraikitzerakoan bukaera, kasu honetan helburua (atez-atekoa), ezarri behar da eta gero hortik bertsoa eraiki: jendeari hasteko kontzientziazio pixka bat eman ikusteko ze gero beltza dugun horrela jarraitu ezkero, ondoren birziklatzea zer den erakutsi, herri askotan denboraren poderioz inongo inposaketarik gabe, boluntarioki geroz jende gehiagok erabiltzen duen 5. kontenedore marroia jarri (hasiera batean boluntario, gero beharrezko)… eta azkenik emaitza onak ematen dituen kudeaketa jarri.
    Dena den, eta amaitzeko, haratago zabaldu beharko litzateke eztabaida eta pentsatu zer egin beharko litzatekeen enpresa zein zentro komertzialetan sortzen den zaborrarekin, hemen sortzen den zaborra ez baita gutxi izango.

MIREN KEREJETA